2009an 54 emakume hil dituzte matxismoagatik

54 emakume dira; amak, alabak, ahizpak... bikotekideek edo bikotekide ohiek eraildakoak, 2009. urtea amaitzean. Espero dezagun datu hori hemen amaitzea. Genero-indarkeriak edo indarkeria matxistak iaz baino 22 biktima gutxiago eragin ditu; datu oso garrantzitsua da, baina horrek ez du borrokan jarraitzearen beharra desagerrarazten, gaur egungo gizartean —aurreratutzat eta berdinzaletzat jotzen den honetan— eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Gizon eta Emakumeen Berdintasun Ministerioak aurkeztutako txostenari dagokionez, agerian geratzen da 54 emakumeetatik 14k baino ez zutela aldez aurretik salatu erasotzailea, eta horietako batek salaketa erretiratu zuela. Hildako biktimetatik 13k babes-neurriak eskatu zituzten (11k lortu zituzten, eta 3k, azkenean, uko egin zieten); hemen nabarmendu behar da, txostenean agertzen ez bada ere, neurri horiek ez zirela oso eraginkorrak izan behar, izan ere, neurriak lortu zituzten 11 emakumeetatik 6ren kasuan oraindik indarrean zeuden haien heriotzaren unean. Beraz, hilketa horiek saihestu egin behar ziren. Ikerketak gaitz sozial horrek eragindako 54 emakumeen profila ere jasotzen du: nazionalitateari dagokionez, 35 espainiarrak ziren, eta 19 atzerritarrak. Horrek beste behin erakusten du gizarteak duen pertzepzio faltsua: Espainian indarkeria matxistaren zatirik handiena immigrazioaren ondorio dela uste izatea. Adinari dagokionez, 15ek 30 urte baino gutxiago zituzten, 25ek 31 eta 50 urte artean, eta 14k azken adin hori gainditzen zuten. Eraildako emakumeetako 33 erasotzailearekin bizi ziren. Fundación Alaresek bere sumindura eta gaitzespenik sakonena adierazi nahi du gertaera horien aurrean, eta gizon matxisten eskutik gertatutako heriotza bakoitza gaitzetsi nahi du. Gizon horiek ez dira duinak gizarte aurreratu, zibilizatu eta berdinzale batean parte hartzeko; gizarte horretan, gizonek eta emakumeek askatasun, aukera eta eskubide berberak dituzte. Era berean, eskerrak eman nahi dizkie agintari publikoei, erakundeei, elkarteei eta egunero justifikaziorik gabeko heriotza horiek desagerrarazteko lan egiten duten pertsona guztiei, egoera honetara iritsi arte: emakume bakar bat ere ez izatea maite dituztela diotenen eskutik eraila. Gutxienez, 22 biktima gutxiago izateak erakusten du guztion artean lor dezakegula.