Martxoaren 8a, Emakume Langilearen Eguna

Martxoaren 8 guztietan bezala, gaur Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu; data horrek, nolabait, gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko erronka nagusiak aztertzera behartzen gaitu. Emakume askok zailtasun handiak izan dituzte laneko alderdia familia-bizitzarekin uztartzeko; horrek, zalantzarik gabe, gizonen eta emakumeen arteko erabateko berdintasuna zaildu du, eta horretarako beharrezkoa da arlo horretako politikak bultzatzea. Europar Batasuneko estatistika-bulegoaren, Eurostaten, datuen arabera, Espainia Europako herrialdeen zerrendaren beheko aldean dago lana eta familia-bizitza uztartzeari dagokionez. Izan ere, gure herrialdean seme-alaba bat duten amen %63,2k baino ez du lan egiten; bi seme-alaba dituztenen %60,3k, eta hiru edo gehiago dituztenen %49k. Gaur bertan, eta egun honen ospakizuna dela eta, Europar Batasunak Genero-berdintasunerako Itun berri bat onartu du 2011-2020 aldirako. Itun horrek 2006ko martxoan onartutakoa ordezkatzen du, sei estatu kideren ekimenez: Espainia, Suedia, Txekiar Errepublika, Frantzia, Finlandia eta Danimarka. Itun berri honen lehentasunen artean daude enpleguaren arloan genero-desberdintasunak ezabatzea eta emakumeen zein gizonen lan- eta bizitza pribatua hobeto uztartzea. Lana eta familia-bizitza uztartzeari dagokionez, Itun honek azaltzen du gobernuek jardun beharko dutela hiru urtetik beherako haurren gutxienez %30 artatzeko nahikoa haurtzaindegi eta prezio eskuragarriak egon daitezen; mendeko pertsonak hartzeko eta artatzeko azpiegiturak hobetzeko, eta lan egiteko formula malguak errazteko.