80 herrialdek berretsi dute dagoeneko Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioa

Joan den astean Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Batzordea, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioaren aplikazioa gainbegiratzea helburu duen aditu independenteen organoa, Genevan bildu zen. Egindako hiru saioetan, Batzordeak txostenak aurkezteko jarraibideak prestatu zituen. Jarraibide horiei esker, Batzordeak bere eginkizun nagusiari ekin ahal izango dio: Konbentzioak ezarritako betebeharrak betetzeko estatu alderdiek onartutako txosten guztiak aztertzea, baita horietan jasotako aurrerapenak ere. Batzorde hau Giza Eskubideen Goi Komisarioa injustizia, desberdintasuna eta diskriminazioa ezabatzeko egiten ari den ahaleginen parte da, horrela gizarte bidezkoagoa sortzeko eta pertsona guztien beharrak berdintasunez asetzeko, bereizketarik egin gabe. Hirugarren saioa inauguratu zuen Ibrahim Salamak, Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoko Giza Eskubideen Itunen Dibisioko zuzendariak. Batzordea osatzen duen taldeari jakinarazi zion 2010-2011rako Jarduera Plan Estrategikoa abian jarri dela; plan horretan komunikazio-estrategia bat jasotzen da, nazioarteko itun guztiei dagokienez banakako kexak aurkezteko prozeduraren berri emateko. Dagoeneko 80 herrialdek berretsi dute Konbentzioa; azkena Frantzia izan da, eta horri esker Batzordea sei aditu berrirekin handituko da, Batzordearen lanari balio handiagoa emanez. Datorren maiatzean, Batzordeak saio-aldia amaituko du estatu alderdiek aurkeztu beharko dituzten txostenak direla eta haiekin egingo duen bilerarekin.