British Council-ek beste urrats bat eman du aniztasunarekiko duen konpromisoan.

British Council Britainia Handiko erakundea Fundación Diversidad fundazioaren Babesle Bazkideen enpresa-taldera batu da.

British Council erakundeak berdintasunarekin, aniztasunarekin eta inklusioarekin duen konpromisoa sakondu du, Fundación Diversidad fundazioaren Babesle Bazkide bihurtuta. Britainia Handiko erakundeak fundazioaren prestakuntza- eta aholkularitza-ekintzak eskuratu ahal izango ditu, eta harekin lankidetzan arituko da lan-ingurunean inklusioa sustatuko duten ekimen nazionalak eta nazioartekoak abian jartzen eta bultzatzen.

Ildo horretan, Andy Mackayk, British Council España erakundeko zuzendariak, honako hau adierazi du: "Aniztasunarekiko dugun konpromisoa egiten dugun guztiaren funtsezko zatia da, eta islatzen da bai gure barne-politiketan, bai bazkide eta bezeroekin egiten dugun jardueran. Esaterako, arlo artistikoan, urteak daramatzagu hainbat ekimenekin lankidetzan, hala nola Kultura Ministerioarekin batera antolatutako Gizarte Inklusioaren Jardunaldiak, Centro Dramático Nacional erakundearen "Una Mirada Diferente" jaialdia edo desgaitasuna duten artistek koreografo profesional gisa prestakuntza jaso dezaten sortutako "Capacitats" programa. Guretzat lehentasunezkoa da, halaber, premia bereziak dituzten pertsonei ingelesa nola irakasten diegun eta azterketak nola kudeatzen ditugun hobetzeko lan egitea, bai gure irakaskuntza-zentroetan, bai haietatik kanpo. Erakunde gisa egiten dugun lana erabat lotuta dago aniztasunarekin, eta ezin da aniztasunik gabe ulertu".

Konpromiso iraunkorra:

2015eko uztailean, British Council España erakundea saritu zuten Fundación Diversidad fundazioak, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak eta Europako Batzordeak antolatutako "Enpresa-aniztasunaren kudeaketako aintzatespenak" ekimenaren lehen edizioan. Ekimen horren bidez, hautatutako erakundeek arlo honetan garatutako jardunbide egokiak aitortu ziren.

Urtebete lehenago, 2014ko otsailean, erakundeak, beste 14 erakunderekin batera, Aniztasunaren Gutunarekin bat egin zuen. Gutun hori berdintasunaren oinarrizko printzipioekiko eta pertsona guztien inklusio-eskubidearekiko errespetuaren aldeko konpromiso-adierazpena da, pertsonen ezaugarriak edozein direla ere.