Haur soldaduak erabiltzeari amaiera emateko Nazioarteko Eguna

Gaur, otsailaren 12an, Soldadu-haurren erabilerari amaiera emateko Nazioarteko Eguna ospatzen da; izan ere, 2002ko egun berean sartu zen indarrean Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren Hautazko Protokoloa. Parte hartu zuten estatuek protokolo horren bidez haurren eskubideak babesteko konpromisoa hartu zuten. NBEko herrialde kide batzuek onartu eta berretsitako dokumentu horrek dio adingabeen eskubideak babesteko beharrezkoa dela haurrak bake-giroan haztea eta heztea. Gatazka-egoeretan, haurrak maiz helburu erraza izaten dira; horregatik, eraso ugari haurrak egon ohi diren lekuetan gertatzen dira, hala nola eskoletan edo ospitaleetan. Horrez gain, kezka sortzen du haurrak estatuetako indar armatuetan kontratatzeak, trebatzeak eta erabiltzeak, zenbaitetan muga nazionalak gainditzen dituzten gerretan parte har dezaten. Itun horrek horrelako jarduerak gaitzesten ditu, eta, aldi berean, kontratazio hori egiten dutenei egoera horien erantzukizuna eta errua egozten die. Hamahiru artikuluz osatutako dokumentu horren bidez, nazioarteko lankidetza indartzeko deia egiten da, haurren eskubideen urraketa hori delitutzat har dadin, gizartearen kontzientziazioa susta dadin eta gatazka armatuen biktima diren haurrak berriro gizarteratzea lor dadin.