Desgaitasuna duten pertsonen langabezia %16tik gorakoa da

Hala erakusten dute Estatistika Institutu Nazionalak emandako azken datuek: 2008an, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboaren langabezia-tasa %16,3ra iritsi zen; tasa hori are kezkagarriagoa da kontuan hartzen badugu aldi berean biztanleria osoaren artean tasa %11,3koa izan zela. Gainera, inkesta horrek agerian uzten du desgaitasuna duten pertsonen kolektiboan langabeziak gehiago eragiten diela emakumeei (%19,9) gizonei baino (%14,6); desgaitasunik gabeko biztanleen artean ere gauza bera gertatzen da: %13 emakumeen artean, eta %10,1 gizonen artean. Adina kontuan hartzen badugu, datuek erakusten dute desgaitasun-ziurtagiria zuten 16 eta 64 urte bitarteko gizonen langabezia-tasa %32,8koa zela, emakumeena baino 10,8 puntu handiagoa. Bestalde, ikerketa horrek erakusten du, generoa edozein dela ere, adinak gora egin ahala desgaitasuna duten pertsonen jarduerarik eza handitu egiten dela, eta 2008an %72ko tasak lortu zirela. Eta desgaitasuna duten pertsona guztiek integrazio-arazoak badituzte ere, entzumen- eta ikusmen-urritasunek dituzte jarduera-tasarik handienak (%56,9 eta %45,3, hurrenez hurren); urritasun mentalek eta intelektualek, berriz, tasa txikienak dituzte (%19,9 eta %26, hurrenez hurren). INEren inkesta horrek, halaber, erakusten du lana duten desgaitasuna duten pertsonen %76,8k bigarren hezkuntzako edo goi-mailako ikasketak dituela.