“The Bottom Line” ikerketa ospetsua Alares® Nazioarteko Kongresuan aurkeztuko da lehen aldiz
Fortune 500 rankingeko enpresen artean egindako azterlanak agerian uzten du enpresen emaitza ekonomikoen eta zuzendaritzan dagoen genero-aniztasunaren arteko korrelazio sendoa.
“The Bottom Line” txostenak erakusten du zuzendaritza-postuetan emakumeen ordezkaritza handiagoa duten enpresek, batez beste, ordezkaritza txikiagoa dutenek baino emaitza ekonomiko nabarmen hobeak lortzen dituztela. Catalysteko presidente Ilene H. Langen arabera, “azterlan honek beste behin ere frogatzen du enpresen emaitza ekonomikoen eta genero-aniztasunaren arteko korrelazio sendoa. Aniztasunak, behar bezala kudeatuta, independentzia, berrikuntza, gobernu ona eta emaitzen maximizazioa sustatzen ditu”.
Azterlana Fortune 500 ranking ospetsuko enpresetan egin zen, eta hiru indize ekonomiko-finantzario hartu ziren erreferentziatzat: ondarearen errentagarritasuna (ROE), salmenten errendimendua (ROS) eta inbertsioaren itzulera (ROI). Catalystem alderatu egin zituen zuzendaritza goreneko postuetan emakumeen ordezkaritza handiena zuten enpresen emaitzak eta zuzendaritza-postuetan emakumeen presentzia txikiena zuten enpresenak. Horren arabera, emakumeen presentzia handiena duten enpresetako zuzendaritza-taldeen ROE, ROS eta ROI adierazleak, hurrenez hurren, %53, %42 eta %66 handiagoak dira emakume zuzendari gutxi dituzten enpresetakoak baino.
Eleanor Tabi Haller-Jorden, Catalyst Europe AGko General Manager, arduratuko da “The Bottom Line” azterlana aurkezteaz Alares® Nazioarteko Kongresuan, osoko bilkuran, otsailaren 20an, asteazkenean. Javier Benavente Alares® Fundazioko presidentearen hitzetan, “ohore handia da guretzat Alares® Nazioarteko Kongresua izatea Europan lehen aldiz enpresa-arloan genero-aniztasunak duen eragin ekonomikoari buruzko azterlan interesgarri hau aurkezteko hautatutako esparrua”.
Alares® Nazioarteko Kongresua enpresetako goi-zuzendariei, erakunde publikoetako arduradunei eta kongresuaren gaiarekin lotutako profesionalei zuzenduta dago. Urteroko foro honek, lehen topaketa honetan, 20 herrialde baino gehiagotako pertsona eta erakundeen parte-hartzea izango du bi jardunaldietan, XXI. mendearen hasieran indarrez sortu diren eta enpresen eta herrialdeen kokapen estrategikoari eta lehiakortasunari eragiten dieten gai berriei buruzko 40 ponentzia baino gehiagotan: EGE (Enpresen Gizarte Erantzukizuna), mendekotasuna, aniztasuna, immigrazioa, berdintasuna eta lana eta familia uztartzea, besteak beste; guztiak ere gaurkotasun handiko gaiak.
Eleanor Tabi Haller-Jordenez gain, kongresuan honako pertsona ospetsu hauek ere parte hartuko dute: Jack Trout, kokapen estrategikoaren aitatzat hartzen denetako bat; Mark Hollingworth, “Growing People, Growing Companies” liburuaren egilea; eta Bruno Arbounet, Pertsonari Zerbitzuak Emateko Frantziako Agentzia Nazionaleko zuzendaria (Frantziako Ministerioa).
Kongresuan izena emateko, webgune honen bidez egin daiteke: http://www.congresointernacionalalares.com. Izena emateko kuota borondatezko dohaintza da. Webgunean, halaber, kongresuaren programa zehatza, ekitaldien ordutegiak, hitzaldiak eta ponentziak, hizlariei buruzko informazioa, kongresuari buruzko datu interesgarriak eta Gala Afarian izena emateko buletina jasotzen dira.


