Javier, otsailean Fundazioak Bizi-kalitateari eta Enpresen Lehiakortasunari buruzko I. Nazioarteko Kongresua antolatuko du. Zein dira topaketa honen helburuak?
Alares® Nazioarteko Kongresua nazioartean Mendekotasunari, Aniztasunari, Berdintasunari, Laneko eta Bizitza Pertsonaleko Kontziliazioari eta Gizarte Erantzukizunari buruz antolatzen den lehenengoa da, bai eta horrek guztiak pertsonen bizi-kalitatea hobetzean duen eraginari eta Enpresen Lehiakortasunean duen Eragin Estrategikoari buruzkoa ere.
Horrelako topaketa batean lehen aldiz, gai hauek enpresa-ikuspegitik aztertuko dira.Hitzaldiek helburu praktikoa dute, eta gobernuek nahiz enpresek izandako esperientziak eta lortutako emaitzak aztertu ahal izango dira. Ikerlari ospetsuek, hainbat herrialdetako enpresek beren esperientziak azalduz eta gobernuek parte hartuko dute; azken horiek kongresuaren xede diren esparru bakoitzean abian jarritako gobernu-politikak azalduko dizkigute 20 herrialde baino gehiagoren bertaratzearekin eta nazioko zein nazioarteko hizlari eta konferentziagile onenen parte-hartzearekin, Kongresua topagune eta erreferentzia izango da enpresa-, gizarte zibil eta erakundeetako sektoreentzat.
Nazioartean ospe handia duten adituak etorriko dira I. Kongresu honetara. Parte-hartzaileei buruzko zerbait aurreratu al diezagukezu? Non aurki dezakegu Kongresuari buruzko informazio gehiago?
Hizlariek, espainiarrak zein munduko hainbat lekutakoak, beren ikerketak, politikak, esperientzia praktikoak eta lortutako emaitzak helaraziko dizkigute. Horrela, hainbat herrialdetatik etorritako bertaratuek ikuspegi global, argi eta eguneratua izango dute aztertutako gaiei buruz.
Kokapen Estrategikoan adituek eta nazioarteko guruek kongresu honetan aztergai eta eztabaidagai diren kontzeptu nagusiek (berdintasuna, lana eta familia bateratzea, mendekotasuna eta aniztasuna) enpresen eta herrialdeen lehiakortasun sozialean eta ekonomikoan nola eragiten duten azalduko digute. Gizarte aurreratuak gero eta sentikorragoak dira gizarte-gaiekiko eta bizi-kalitatearekiko.
Eskaera berri horiei erantzuteko gai diren erakundeek soilik izango dute gizarte-ingurune berri honetan garatzeko eta lidergoa lortzeko aukera. Javier Benavente Barrón jauna, Alares® Fundazioko presidentea; Ian MC Donald jauna, Royal Bank of Scotlandeko EGEko zuzendaria (Erresuma Batua); Eleanor Tabi Haller-Jorden andrea (Suitza); Jack Trout jauna (AEB), marketinaren eta kokapen estrategikoaren guru; Mark Hollingwort jauna (Kanada), estrategian aditua; Juan Antonio Sagardoy jauna (Espainia), lan-harremanetan aditua; Bruno Arbouet jauna, Frantziako Gobernukoa; eta Nuria Chinchilla andrea, IESE-Nafarroako Unibertsitateko irakaslea, 40 hizlaritik gorako zerrendako batzuk dira.Informazio gehiago:
Frantzian, 2005eko Borloo Legeak ausardiaz erreformatu ditu pertsonentzako zerbitzuak. Javier, uste duzu Espainian ere aplika daitekeela?Zalantzarik gabe, antzeko zerbait ezinbestekoa da gurea bezalako herrialde batean; gainera, Berdintasun Legea onartu dugu, gizonen eta emakumeen arteko lan-diskriminazio oro ezabatzea eta familia eta lana bateratzeko programak sustatzea helburu dituena, familia-erantzukizunei uko egin gabe lan-bizitza garatu ahal izateko.
Bi ezkontideek lan egin dezaten eta, beraz, produktiboagoak izan daitezen, gehiago irabaz dezaten eta, ondorioz, gehiago kontsumitu eta zerga gehiago ordain ditzaten sustatu nahi badugu, familia enpresa txiki baten modukotzat hartu beharko dugu; Ogasunari ordainduko diogu diru-sarreren eta diru-sarrera horiek lortzeko behar izan ditugun Familia Laguntzako gastuen (etxez etxeko laguntza, etxeko langilea, lorazaina, zaintzailea, etxeko irakaslea, …) arteko aldeagatik, lan egin ahal izateko. Gastu horiek kengarriak izan behar dute. Baina enpresek ere lagundu dezakete, eta lagundu nahi dute, bizitza pertsonala bateratzen. Haiek horretan laguntzen badute, herrialdean berdintasun, aberastasun eta enplegu gehiago sortuz, baldintza fiskalak sortu beharko ditugu ekarpen edo laguntza horiek sozietateen gaineko zergatik kendu ahal izan ditzaten.
Gizarte osoak konpondu behar duen arazoa da hau, ez enpresek bakarrik. Enpresek baliabideak bideratu behar dituzte posible izan dadin, baina ez da bidezkoa haiek bakarrik gastu baten moduan beren gain hartu behar izatea, normalean gertatzen den bezala.Eta gauza bera gertatzen da gaur egun etxeetan, familientzat, modu pribatuan etxez etxeko zerbitzuak ematen dituzten pertsonekin.
Etxeko langile bat kontratatu nahi duen pertsona edo familia batek jasan behar dituen kotizazioak hain handiak dira, azkenean ezin baitu ordaindu eta ezkutuko ekonomiara jotzen baitu; gurea bezalako herrialde batek modu unibertsalean doan eskaintzen dituen zerbitzu guztiak (osasuna, hezkuntza, …) jasotzeko eskubidea duten pertsonak kontratatzen dira, Ongizate Estatuaren adibide den arren, kontraturik gabe egoteagatik sistemaren sostenguan ezer laguntzen ez dutenak. Gutxieneko kotizazio-sistema bat sortu beharko da, partikularrak ordaindu behar duen zerbitzua gehiegi garestitu ez dadin, eta aplikatu beharreko BEZaren tasa murriztu beharko da, partikularrek ezin baitute BEZa kendu.
Horrela, ehunka mila pertsona aterako lirateke ezkutuko ekonomiatik: kotizatu, zergak ordaindu eta kontratatzaileei segurtasuna emango liekete, aseguratuta egongo liratekeelako. Horrek guztiak, zalantzarik gabe, enpleguaren hazkunde handia ekarriko luke eta, azken batean, estatuarentzat diru-sarrera handiagoak. Eta hori da Borloo Legeak Frantzian ekarri duena. Gizartearen modernizazioak eta lan-merkatuen bilakaerak pertsonei eta familiei zuzendutako zerbitzuen sektore berri bat eratzen ari dira, eta haren arauketa gero eta beharrezkoagoa da.
Barloo Legea 2005eko uztailaren 26an sortu zen Frantzian, hain helburu handiekin nola merkatu berri hori egituratzeko beharra aitortzea, herritar guztiek zerbitzuetarako sarbide unibertsala izatea bermatzea eta hiru urtean 500. 000 lanpostu berri sortzea. Barloo Legearen aplikazioaren lehen urteko balantzea oso positiboa da, eta sektore berri honen garapen oso garrantzitsua aurreikusteko aukera ematen du. Ezerk ez gaitu Frantziatik bereizten; are gehiago, gure herrialdeko hainbat berezitasunek Espainiak inguruko herrialdeak baino premia handiagoa izatea eragiten dute, zerbitzu berrien unibertso hori garatu ahal izango den arau-esparru bat izateko.
Madrilen (IFEMA – Iparraldeko Pabiloia) otsailaren 20an eta 21ean egingo den Alares “Bizi-kalitatea eta Enpresen Lehiakortasuna” Nazioarteko Kongresuan, Frantzian Lege hau aplikatzeaz arduratzen diren pertsona nagusietako bat zuzenean entzuteko aukera izango dugu: Bruno Arbounet, Pertsonentzako Zerbitzuen Agentzia Nazionaleko zuzendaria, Frantziako Lan Ministerioan. Lege honen aplikazioaren benetako esperientziak eta emaitzak azalduko dizkigu.