“Cadizko Adierazpenak” emakumeek esparru guztietan erabat parte hartzeko deia egiten du

Joan den otsailaren 3an Emakume Ministroen Europako Goi Bilera egin zen Cadizen, eta adierazpen politiko bat, «Cadizko Adierazpena», onartuta amaitu zen. Adierazpen horrek Europar Batasuna osatzen duten gobernuei dei egiten die emakumeak lan- eta gizarte-esparruan erabat txertatzea eragozten duten oztopoak eraistera. Helburua, besterik gabe, «gizarte justuagoak, berdinagoak, inklusiboagoak eta eraginkorragoak» sortzea da. Espainiako Berdintasun ministro Bibiana Aídok, Gobernuko lehen presidenteorde María Teresa Fernández de la Vegak eta Erresuma Batuko Emakumeen eta Berdintasunaren ministro eta Komunen Ganberako presidente Harriet Harmanek inauguratu zuten bilera hau. Europako Espainiako Lehendakaritzak Europako agenda politikoan berdintasuna bultzatzeko abian jarritako ekimenen barruan kokatzen da. Emakumeak esparru guztietan erabat txertatzea beharrezkoa da, Aídok dioen bezala, «ezin baitugu gizarte moderno eta aurreratu bat aldarrikatu, alferrik galtzen ari den giza kapital izugarriaren eta behar bezala ordezkatuta ez dagoen biztanleriaren erdiaren errealitate ukaezinari bizkarra emanez». Gainera, Aídok azpimarratu nahi izan zuen goi bilera honek «emakumeek organo politiko eta demokratikoetan, bai eta, oro har, gizarte-botereetan ere, parte-hartze orekatua lortzeko behin betiko bultzada» izan behar duela. Izan ere, datuek erakusten dute Europako parlamentari nazionalen %25 baino ez direla emakumeak, eta 27 estatu kideetatik 7k baino ez dutela %30etik gorako emakume parlamentari kopurua. Bileran, Berdintasun ministroak Nazio Batuen Emakumeari buruzko Agentzia berriaren sorrera ere nabarmendu nahi izan zuen; haren ustez, «planteatutako helburuei erantzuteko tresna egokia» da, «emakumeen eskubideek ez baitute mugarik ezagutzen, eta haien aitortza, garapena eta erabilera mundu osoan bermatu behar baitira».