OCDEk Espainian lana eta familia bateratzeko politiken gabezia azpimarratu du

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak asteazkenean aurkeztutako txosten batek adierazten du gure herrialdeak laneko, familiako eta bizitza pertsonaleko arloak bateratzea errazten duten politikak sustatu behar dituela. Izan ere, dokumentu horren arabera, Espainiako familiek lana eta familia bateratzeko dituzten zailtasunak dira emakumeen enplegu- eta ugalkortasun-tasa txikiak eragiten ari direnak. Espainian, ugalkortasun-tasa 1,4 seme-alabakoa da emakumeko, ELGAko 34 herrialdeen batez bestekoa 1,74koa den bitartean. Azterlan horren arabera, lan-arrazoiengatik amatasuna atzeratzeak 30 urtera eraman du Espainiako emakumeek lehen seme-alaba izateko batez besteko adina. Espainiako emakumeen enplegu-tasei dagokienez, txostenak adierazten du gure herrialdean tasa horiek gora egin dutela: azken 15 urteetan, 1995eko %32,5etik 2009ko %53,5era igaro dira, baina oraindik ELGAko batez bestekoaren azpitik gaude. Bestalde, txostenak salatzen du familia askok aitona-amonen laguntza behar dutela haurrak eskola-orduetatik kanpo zaintzeko. Hain zuzen ere, gure herrialdeko aitona-amonen laurden batek gutxi gorabehera egunero zaintzen ditu bilobak. Gainera, ELGAk azpimarratzen du Espainian emakumeek denbora gehiago ematen dutela ordaindu gabeko lanean: egunean 5 ordu, gizonek ematen dituzten bi ordu baino gutxiagoen aldean. Azterlanaren egileen arabera, ordaindu gabeko lanaren banaketa bidezkoago batek gurasoen —amen zein aiten— lan-merkatuan parte-hartze handiagoa eragin lezake. Espainia 29. postuan dago familia-ongizateko politiketan, guztira 35 herrialderen artean; sailkapeneko lehen postuetan, berriz, Danimarka, Finlandia, Norvegia, Austria eta Suedia daude.