Lana eta familia bateragarri egiten laguntzen duten enpresek langileen produktibitatea %19 handitzen dute, eta haien konpromisoa laukoiztu egiten dute.

Langileei lana eta familia ohikotasunez bateragarri egiten laguntzen dieten enpresek %19 handitzen dute produktibitatea, eta langileak lau aldiz konprometituago egotea eta lanpostuz aldatzeko prestasun txikiagoa izatea lortzen dute, 2012ko Edenred-IESE Bateragarritasun Barometroaren arabera. Azterlana 23 herrialdetako 7.000 langile baino gehiagori egindako inkestetan oinarritzen da; inkestatutakoek familia-egoera, erantzukizun-maila eta adin desberdinak zituzten.

Azterlan honen arabera, langile gazteenek, 28 urtera artekoek, lana eta familia bateragarri egitea sustatzen ez duten inguruneetan lanpostuari eustea lehenesten duten bakarrak dira.

Espainian, emakume nagusiak, oro har, hobeto baloratzen dituzte langileek; hobeto ulertuak, entzunak eta baloratuak sentitzen dira nagusia gizona denean baino.

Azterlanak agerian uzten du munduko langileen %40k ez duela konpromisorik beren enpresarekin; hala ere, lana eta familia bateragarri egitea sustatzen duten inguruneetan lan egiten dutenen %95ek badute konpromisoa, hori sustatzen ez duten enpresetan lan egiten dutenen %60ren aldean.

Oro har, lana eta familia bateragarri egitea errazten ez duen lan-ingurune bateko langileen atsekabea hori sustatzen duten inguruneetakoa baino 7 aldiz handiagoa da.

Barometroak, halaber, seme-alabak dituzten langileek beren enpresarekiko konpromiso handiagoa dutela erakusten du. Izan ere, enpresak lana eta familia bateragarri egiteko neurriak ohikotasunez eskaintzen dituenean, seme-alabak dituzten langileen konpromisoa erabatekoa da, %100ekoa; seme-alabarik gabeko langileen konpromisoa, berriz, %84koa da egoera berean. Hala ere, enpresak bateragarritasuna errazten ez duenean, langileen konpromisoa %23ra eta %22ra jaisten da, hurrenez hurren.

Oro har, emakumeen konpromisoa gizonena baino handiagoa da. Emakumeen %80k konpromisoa erakusten dute beste emakume bat nagusi dutenean, eta %57k baino ez nagusia gizona denean. Seme-alabak dituzten emakume langileen kasuan, ehuneko hori %84ra eta %66ra igotzen da, hurrenez hurren.

Iturria