Sare sozialak, ekiteko aukera bat

Sarearen abantailak eztabaidaezinak dira, baina sare sozialek bereziki eskaintzen dituzten aukerak amaigabeak dira lana bilatzen duen pertsonarentzat nahiz bere negozioa abiaraztea erabaki duen horrentzat. Ildo horretan, Juan Carriónek, Innopersonas enpresako bazkide zuzendariak, azaldu duenez, “sare sozialak aukeren bila harremanetan jartzen den jendearen erakusleihoa dira, eta haietan egoteak denbora-inbertsioa eskatzen du”. Sare sozialen esparruan, haietan dabiltzanen profilak askotarikoak dira. Denbora-pasa ibili nahi duen jendea aurkitzen da, “funemployed” delakoa, baina baita sare sozialen bidez etorkizuna kudeatzen hasten direnak ere: sareko ekintzaileak. Egungo lan-merkatua aldatzen ari dela egia da, eta Esteban Magrok, McCormick y Asociados enpresako bazkide zuzendariak, ziurtatu duenez, “enpleguen gizartetik lanen gizartera igaro gara. Norberak kudeatzen du bere bizitza profesionala, edo inor ez da horretaz arduratzen”. Hala ere, zailagoa da sektore tradizionaletan lan egiten dutenek sare sozialetan presentzia izatea; izan ere, sektore horietako zuzendariek eta nagusiek ez dute ohiturarik beren lan-taldeek horrelako jarduerak egitea. Komunikazioan, marketinean edo IKTen sektoreetan lan egiten duten langileek marka propioa sor dezakete enplegatzaileen aurrean; hala ere, gehiegizko marketin pertsonalean eror daitezke. Esteban Magrok azaldu duenez, marka pertsonaleko ekintzek mugak eta arriskuak dituzte, “jakitea baita gaur egun zein merkatutan eta sektoretan den zentzuzkoa marka bat sortzea; izan ere, zenbait kasutan ia suizidio profesionala izan daiteke”.