Zoriontasun pertsonalaren negozioak
Alaresen Lehen Nazioarteko Biltzarra berriki egin da, «Bizi-kalitatea eta enpresa-lehiakortasuna» lelopean, eta hizlari zein bertaratutakoen parte-hartze izugarriak are gehiago indartu du. Horrek agerian utzi du gizartearen eta enpresen interesa pertsonentzako zerbitzuen izendapen orokorraren pean bil daitezkeen ekimen berriek pizten dutena. Izan ere, hizlari guztiek, beren espezialitatea eta ikuspegia edozein izanda ere, gizarte aurreratu batean pertsonen eskaerei erantzuten saiatzean sortzen diren aukera ugariei erreparatu zieten beren hitzaldietan. Gizarte horretan, familia-eredu berriek, bilakaera demografikoak, migrazio-fluxuek, bizi-itxaropenaren etengabeko hazkundeak, berdintasunaren eta integrazioaren eskakizunek nahiz mendekotasunari emandako arretak aurreko garaietan inoiz aurreikusi gabeko jarduera berrien horizonteak eratzen dituzte.
Zehazkiago, horri beste gai batzuk gehitu behar zaizkio: talentuari eustea, arlo pertsonalaren eta profesionalaren garapen bateratua, edo ekimen publiko eta pribatuen bat egite produktiboa, Ongizatearen Gizarte berriak eratzeko. Herritar bakoitzaren konpromisoa eskatzen dutenez, baita enpresa- eta erakunde-sareena ere, badirudi Ongizatearen Estatuaren laugarren zutabea deitu izan denaren garapena bera ere gainditu nahi dutela. Izan ere, eskaerak mendekotasunari laguntzeko zerbitzu berrien garapenetik harago doaz, eta pertsonentzako zerbitzuetara bideratutako jarduera ugari zabaltzen dira. Azken batean, bizitza kolektiboaren esparru guztietan zoriontasun pertsonala handitu eta posible egitea dute xede.
Halako zerbitzuen multzoa ez da helburu zehatz horretan bakarrik agortzen; aitzitik, horrek guztiak enpresa- eta erakunde-sareen lehiakortasunean izango duen eragina ere nabarmentzen du. Izan ere, egiaztatu da pertsonek beren familia-esparruetako arretarekin lana hobeto uztartu ahala, motibatuago eta integratuago egongo direla ekoizpen-prozesuetan, prozesu horiek ongizate pertsonalerako oztopotzat hartuko ez direlako. Jarduera berrien konplexutasun nagusia da ezin direla modu uniforme eta orokorrean eraiki. Aitzitik, irtenbide bakoitza pertsonen egoera desberdinetara egokitzea eskatzen dute.
Zerbitzuak pertsonalizatzea izango da, beraz, ekimen guztiak egituratzeko ardatza; bertan bat egin beharko dute politika publikoek, lan-merkatuek dituzten eskakizunek, arreta-zerbitzuen finantzaketa partekatuak eta arau-esparru berrien garapenak. Hori posible izango da soilik jarduera berri horietan haientzat berriz diseina daitezkeen aplikazio teknologiko abantailatsuak erabiltzen hasten badira, edo enpresek, bizi-kalitate kolektiboaren alde beren gizarte-erantzukizuna garatzeko garaian, borondatea erakusten badute. Horretarako, erabakigarria izango da jarduera horiek negoziazio kolektiboaren akordioetan ere jasotzea, zoriontasun pertsonala soldata-hobekuntzak edo enpleguen kalitatean egindako aurrerapenak baino gehiago baita.
Horrela, azken hilabeteotan asko hitz egin da lehen aipatutako Laugarren Zutabea nola eratzen ari den. Gaur egun, eta Alaresen Biltzarrean izandako esku-hartzeetan ikusi den bezala, Laugarren Sektorea nola eratu ere hasi dira hizpide hartzen. Bertan, aipatzen ari garen zoriontasun kolektibo hori garatzeko garaian, ekimen publikoek, pribatuek eta Hirugarren Sektorekoek bat egin beharko dute, elkartasunera eta errealitate partikular bakoitzari irtenbideak bilatzera bideratuta. Gainera, ezinbestekoa da zerbitzu berrien eskatzaile bakoitzaren konpromiso pertsonalak ere bat egitea.
Izan ere, zerbitzu horien pertsonalizazioa kasu berezi bakoitzetik abiatuta egin behar da, baina bizimodu-eredu berrien garapenean laguntzeko eta elkarlanean aritzeko helburu partekatuarekin. Eredu horietan, elkartasuna, baliabideen erabileraren eraginkortasuna eta jarduera berrien lehiakortasuna erabakigarriak izango dira pertsonen bizi-kalitaterako eta enpresa-sareen lehiakortasunerako. Azken batean, sare horiek sortu behar dituzte hura posible egingo duten beharrezko soberakinak. Erronka horrek, beraz, izaera pertsonala edo enpresa eta erakundeena izateari utzi, eta kolektibo bihurtzen du; aldi berean, bizitzeko eta lan egiteko modu berrien garapena bultzatzen du.


