«Ez dago aurrera egitea eragozten didan ezer»

Ivan-Santos- Ez dago aurrera egitea eragozten didan ezer. Iván Santosek 19 urte ditu. Ospitaletara egindako bisitek markatu dituzte urte horiek. Jaio eta berehala bihotzeko arazo bat antzeman zioten, eta bizitzako lehen urteetan ebakuntza-gelatik ebakuntza-gelara ibili behar izan zuen. Hirugarren ebakuntzan konplikazio larriak etorri ziren, ebakuntza-gelako birus deiturikoa hartu zuenean; odol-galera handia izan zuen, eta Madrilgo Erkidegoa mobilizatu behar izan zuten haren odol-taldeko, 0 negatiboko, erreserbak lortzeko. Mugikortasun-galera, muskuluen garapenik eza, eskolan jasandako jazarpena, biriken gaitasunaren murrizketa eta garuneko kalteak —ebakuntza batean izan zituen bihotz-geldialdien ondorioz— dira Ivánek dituen sekuela batzuen artean. Gainera, duela 6 urte, sendagai baten ondorioz begi bateko ikusmena galdu zuen eta, ordutik, migrainak izaten ditu. Hala ere, Ivánentzat ez dago aurrera egitea eta bizitzan gehien egin nahi duenaren alde borrokan jarraitzea eragozten dion ezer: funtzionario izatea. Dena den, ez du baztertzen egoera bera bizi izan duten edo bizitzen ari diren familiei eta haurrei laguntzen profesionalki jardutea. Bere amak, María Escudero eta Belén Ruedarekin batera, Menudos Corazones sortu zuen, irabazi-asmorik gabeko erakundea. Haren helburua da sortzetiko kardiopatiak dituzten haur eta gazteen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko beharrezkoak diren programak eta jarduerak gauzatzea. Ivánek ziurtatzen du arazo horri buruz ezjakintasun handia dagoela eta haurrek oso krudel jokatu dutela berarekin. Hala ere, arazo horiek guztiek pertsona gisa hazarazi dute, berarengan sinesten ez zutenen ahoak itxiarazi dizkiote eta, garrantzitsuena, dena egiteko gai dela erakutsi dio bere buruari. Futbolzalea da, eta Administrazioko erdi-mailako zikloa amaitu berri du. Praktikak egiteko, Fundación Alaresera etortzea erabaki zuen; handik oso oroitzapen ona eramango duela dio. Lanekoak ez diren praktika horiek Fundación Alaresen “Integrémonos para Sumar” programaren barruan kokatzen dira. Programak enpresei eta desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako jarduera multzo bat biltzen du, eta helburua da pertsona horiek laneratzea, enpresentzat baldintza egokietan. Ivánen hitzetan: “Fundación Alaresen etxean bezala sentitu naiz. Asko ikasi dut, ikasitako guztia praktikan jarri ahal izan dut, eta gehiago ikasten jarraitzeko gogoz bete naiz”. “Duela urteetatik lagun ditudan buruko minak desagertu egin dira. Norberari gustatzen zaiona eginez burua okupatuta edukitzea da terapiarik onena denarentzat. Zorionerako, bizitzarako terapia onena. Eta horrela sentitu naiz ni hemen: zoriontsu eta beteta”, zehaztu zuen Ivánek. Ba al dago hori baino zerbait hoberik? Iván ez da soilik bere arazoak konpontzeko gaitasunagatik, kontzentrazioagatik, ikasteko gogoagatik edo eguneroko zereginak hain ondo betetzeagatik nabarmendu; are gehiago nabarmendu da erakutsi dizkigun balioengatik, eta kutsatu digun energia, bizitasun eta jarrera positiboagatik. Izan ere, egin dezakezuna edo egin ezin duzuna zuk zeuk bakarrik erabakitzen duzu. Indarra, adorea, gainditzeko gaitasuna eta baikortasuna bere parte diren ezaugarriak dira. Ivánek, uda ondoren, Unibertsitateko Campus batean ikasten jarraituko du.