Horrela du izena gaur Bartzelonan Europar Batasuneko Espainiaren presidentetzaren esparruan egiten ari den nazioarteko konferentziak. Jardunaldi honetan EBko estatu kideetako gobernuetako, autonomia-erkidegoetako, gizarte- eta ekonomia-eragileetako eta enpleguaren arloko adituetako ordezkariek parte hartzen dute. Bertan aztertuko da zein diren datozen urteetan etorkizun handiena izango duten enpleguak, baita langileek horiek betetzeko garatu beharko dituzten gaitasunak ere.
Parte-hartzaileek eztabaidatuko dute zein diren EBko Enplegu Estrategia 2020ren esparruan kualifikazioen eta enpleguen estrategia global baterantz aurrera egiteko jarraitu beharreko bide zehatzak, ekonomia lehiakorragoa, ekologikoagoa eta eraginkorragoa garatzea ahalbidetuko duena.
Lehiakortasunean eta balio erantsian oinarritutako eredu ekonomiko horren arabera, aurreikusten da lan-aukera berrien zati handi bat eraldaketa-prozesuan dauden enpleguekin eta orain sortzen ari diren sektoreekin lotuta egongo dela. Horretarako, beharrezkoa izango da enplegu berri horietarako kualifikatutako eta prestatutako pertsonak izatea; horregatik, EBren lehentasunetako bat da langile berri horiek prestatzeko sistemak zein diren identifikatzea.
Orain arte, enpleguaren arloan EBk egindako azterlanek bat egiten dute esatean 2020rako langileek kualifikazio-maila handiagoa izango dutela ia Europa osoan. Gainera, azterlan horiek erakusten dute zerbitzuak, osasunaren zaintza eta hezkuntza izango direla enplegu gehien sortuko duten sektoreak.