%60tik gora desgaitasuna duten pertsonen %60k baino gehiagok 4 hilabetetik beherako kontratuak izan dituzte.
Inkestatutako pertsonen %21ek adierazi du lanpostu berean egindako egonaldiak 6 hilabete baino gutxiago iraun zuela, eta %15ek baino ez du esan urtebete baino gehiagoz enpresa berean lanean jarraitu duela.
Fundación Alares erakundearen Alares Barometroa: Desgaitasuna eta Enplegua txostenak, desgaitasuna duten pertsonen lan-merkatua etengabe aztertzean oinarrituta, enpleguaren arloko errealitateak eta beharrak jasotzen ditu, bai desgaitasuna duten pertsonenak, bai haiek kontratatzen dituzten enpresenak.
Helburu nagusia desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunari eta enpleguaren kalitateari buruzko datu estatistikoak lortzea da, alderdi kuantitatiboetan zein kualitatiboetan. Azterketa horri esker, balizko kausa-ondorioak antzeman daitezke, eta, horrela, aukera-berdintasun eraginkorra bermatuko duten hobekuntza-mekanismoak abiarazi.
Inkestatutako pertsonen %64k adierazi du 4 hilabetetik beherako kontratuak sinatu dituela; datu horiek inkestatutako desgaitasuna duten pertsonen (600 baino gehiago) enplegu-egonkortasun eskasa erakusten dute.
Berdintasuna lortzeko gakoa laneratzea da
Desgaitasuna duten pertsonen laneratzea ezinbesteko pieza da gizartean aukera-berdintasuna lortzeko; horrek desoreka hori eragiten duen arazoa sakonago aztertzera garamatza. Horretarako, inkesta berri bat jarri da abian
Alares Barometroa: Desgaitasuna eta Enplegua plataformaren bidez, eta aktibo dago www.discaempleo.com webgunean, oraingoan enpresei zuzenduta; horri esker, lan-ezegonkortasun horretan eragiten duten arrazoiak ezagutu ahal izango ditugu.
Desgaitasuna duten pertsonen hautaketak plangintza estrategikoa behar du: hainbat desgaitasun motaren ezagutzatik hasi eta estereotipoak ezabatzeraino; gaitasunen araberako hautaketa, hautagai egokia aurkitzeko kontratazio-iturriak, lanpostuaren egokitzapena eta, zenbait kasutan, lan-taldean integratzea ere barne hartzen ditu. Plangintza hori kudeatzeak hautaketaren arrakasta eta, ondorioz, enpresaren eta langilearen mesedea sustatzen ditu.
Fundación Alares erakundeak enpresei laguntzen die desgaitasuna duten pertsonak laneratzen, eta, aldi berean, kolektibo horren enplegurako prestakuntza espezifikoa lantzen du. Desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeak gizarte-onura garrantzitsuak dakartza, pertsona horiek independentzia lortzera bultzatzen baititu eta, horren bidez, gizartean erabateko eta eraginkorra den parte-hartzea ahalbidetzen baitu, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmenak ezartzen duen bezala.
Ildo horretan, Fundación Alares erakundeak oso tresna erabilgarria jartzen du enpresen eta enplegu-eskatzaileen eskura: Discaempleo.com. Topagunea da mundu profesionalean parte hartu nahi duten desgaitasuna duten pertsonentzat eta pertsona horiek beren lantaldean integratzearen aldeko apustua egiten duten enpresentzat.
Informazio gehiago:
Sara Carreño
Fundación Alares erakundeko Komunikazio-arduraduna
91 275 05 55
scarreno@alares.es
www.fundacionalares.es