Pablo Pineda, aktore onenaren Zilarrezko Maskorra

María Teresa Pabloren ama da; 40 urte zituela izan zuen, seme-alaba gehiago izango ez zituela uste zuenean. Aitortu du hasieratik argi izan zuela Pablo bere hiru anai-arrebak bezala hezi behar zuela: guztiei bezala exijituz, nahikoa izatera, etxeko lanak egitera, ikastera eta eguneroko zereginetan ahalegintzera behartuz. Laster ohartu zen Pabloren potentzialaz eta gaitasunez. Pabloren gurasoek gogor borrokatu zuten semea eskolara eta, ondoren, institutura joan ahal izan zedin. Garai hartan, Down sindromea zuen gazte bat ikasten ikustea «ohiz kanpokoa» zen. Pablok gogor ikasi zuen, unibertsitatera sartzeko proba gainditu zuen eta, hala, Down sindromea zuen Europako lehen unibertsitarioa bihurtu zen; jarraitu beharreko eredua, benetan. Horregatik, denbora gutxian aldaketa genetiko bera duten espainiarren irudi eta erreferente bihurtu zen. Magisteritzako ikasketak amaitu ondoren, bere bizitzan oinarritutako film bat grabatzea erabaki zuen: Yo también. Lan horri esker, Donostiako Zinemaldiaren saria jaso zuen, aktore onenaren Zilarrezko Maskorra. Baina 35 urteko gazte honen bizitzan garrantzitsuena munduari Down sindromea duten pertsonei buruz oker dagoela frogatzeko izan duen gaitasuna izan da. Inoiz ez zen bere ikaskideekiko desberdintasunengatik kikildu; irakasle guztien miresmena irabazi zuen, batere inozoak ez ziren galderei esker, eta lau haizetara aldarrikatzen du maitatzeko gaitasun handia duela, askok uste dutenaren aurka. Azken batean, Pablok topiko handiak hautsi ditu, bere ahaleginari, autonomiari eta aitaren laguntza handi bati esker: berarenganako konfiantzari eta autoestima-dosi etengabeari esker.